Udaberri dantza taldea

Kargatzen...

Itxi

Julen Uranga

Ni Julen Uranga naiz, baina nire Udaberriko ezizena “Beasti” da Udaberrin ibiltzen den Berastegiko bakarra naizelako eta taldean beste Julen bat ere badagoelako.

Noiz hasi zinen Udaberrin? Zergatik? 

Ni Udaberrin 2008an hasi nintzen. Txikia nintzela Berastegin hasi nintzen dantza ikasten baina adin batera iritsitakoan nire lagunek dantza utzi zuten eta nik ere bai azkenean, haiekin batera. 2007an, nire bi lagun hasi ziren Udaberriko ikastaroetan eta niri grina sortu zitzaidanez,  hurrengo urtean hasi nintzen beraiekin.

img_9888

Zer nolako harremana duzu gainerako taldekideekin? 

Udaberriko taldekide guztiak oso ondo moldatzen gara elkarrekin. Niretzat Udaberri dantza talde bat baino gehiago da, lagun talde bat gara. Nire lagunekin adina denbora pasatzen dut Udaberrikoekin eta nire lagunek planik ez badute,  Udaberrikoekin ateratzen naiz askotan.

 

Dantza bat. Plaza bat. Zergatik?

Dantza bat hautatzekotan Lapurdiko Inauteria aukeratuko nuke, Hungariako bidaiaren aitzakian taldekide berriei erakartzeko bidea izan zen. Asko gustatu zitzaidan Udaberrin jende berria sartzen zela ikustea eta familia txikia handitzen ari zela sentitzea. Plaza berriz Elduaingoa aukeratuko nuke, nire familiakoek hantxe ikusi nindutelako dantzan lehendabiziko aldiz. Bukatzean esan zidaten oso harro zeudela eta denak batera joan ginen afaltzera.

img_9889

Euskal dantza izango ez balitz zer egingo zenuke?

Egia esanda ez naiz inoiz pentsatzen jarri zer egingo nukeen euskal dantza izango ez balitz. Zerbait esatekotan txirrindularitza esango nuke baina ez litzateke euskal dantza bezalakoa izango.

 

Kontatu digute Udaberrin “eguraldi gizon” ere deitzen dizutela…

Kontu hori Udaberrikoen arteko broma bat da. Ni Berastegikoa naiz eta askotan, telebistan eguraldia ematen dutenean, Berastegi agertzen da han izaten dugun eguraldi txarragatik. Orduan, beraiekin elkartzen naizen guztietan galdetzen didate zer eguraldi dagoen Berastegin.

img_9890

Konta iezaguzu urte hauetan zehar gertatu zaizun anekdotaren bat.

Hungariara joan ginenean Lapurdiko dantzak egin behar genituen, baina geneuzkan txapelak oso hondatuta zeuden eta pentsatu genuen txapela berriak egitea. Ilusio handiz hasi ginen eta zaharrak zaborretara bota genituen. Hori bai, oso lasai hartu genuen egin beharreko lana, eta eguna gerturatzen ari zen heinean konturatu ginen uste genuena baino denbora gehiago behar zutela eta hainbat arazo sortu zitzaizkigun. Goiz eta arratsalde pasa genuen lokalean txapela horiek egiten, eta pentsatu genuen bidaian zehar amaitu beharko genituela, baina azkenean abiatzeko egunaren bezperan amaitu genituen, gaueko hamarretan!!