Noiz eta zergatik hasi zinen Udaberrin?
Txiki-txikitatik, 5 urte nituela hasi nintzen dantzan Udaberrin. Txikia nintzela geldik egoten ez zen horietakoa nintzen, egun osoa dantzan pasatzen nuen, eta amak ikastaroetan apuntatu ninduen.
Helduen taldera iritsi bitarteko prozesua nola bizi izan zenuen? Horrelakoa izango zela uste al zenuen?
Hasieran nahiko arraroa egiten zitzaidan asteko hiru egunetan dantzako entseguak edukitzea, eta horretara ohitu ostean, agujetak edukitzera ohitu behar izan genuen jajajaja. Gogorra egin zitzaidan hasieran, baina gero oso gustura aritzen ginen. Ala ere, gogorragoa egingo zitzaidala uste nuen hasieran.
Nola ikusten zenuen taldea lehen, kanpotik, eta nola orain, barrutik?
Urrutiko gauza bat balitz bezala ikusten nuen, entsegu eta emanaldiez gain zerbait gehiago zegoenik ere ez nekien; giro itzela zegoela ere bai, noski. Barrutik pixka bat ikustean ohartu naiz benetan zenbat lan dagoen barruan, ikusten ez dena batez ere.
Zein dantza duzu gustukoen? Eta zein plaza?
Asko daude, baina bat esatekotan Larrain dantza esango nuke, edozeinek dantzatu dezakelako, jakin ez arren. Eta plaza gustukoena Plaza Berria dela esango nuke, bertan egindako dantzari txiki guztiengatik.
Zein da euskal dantzako doinuetatik gehien gustatzen zaizuna?
Fandango eta arin arina esango nituzke, beti ematen baitute dantza egiteko gogoa.
Kontaiguzu urteotan gertatu zaizun anekdota bitxietako bat
Ez dut anekdota asko bizitzeko astirik izan, baina bat esatekotan, Portugaletera joan ginen batekoa esango nuke. Ordu eta erdiko iraupena zuen bidaia genuen, eta gidariak sekulako bidea egin zuen. Ordu eta erdiko bidea egin beharrean, bi ordu eta erdiko bidea egin genuen. Ez zen hor amaitu gauza. Bueltan, aldapa handi bat igo behar genuen, eta gidariari autobusa geldirik geratu zitzaion aldapa bukatzear zegoenean. Sekulako sustoa hartu genuen, bai guk eta bai atzean genuen kotxeko gidariak!