Noiz eta zergatik hasi zinen Udaberrin?
4 urterekin hasi nintzen Udaberrin. Zergatia? Ez dakit oso ongi. Gurasoak Udaberrin ibilitakoak dira biak, beraz horrek eragin zuzena izango zuela pentsatzen dut. Hala ere, ni, neska saltseroa izan nahiz txikitatik, geldirik egon ezin zuen neskatoa, ibiltzen ikasi baino lehen gurasoek fandango eta arin-arina kantatu eta oinak astintzen zituena. Beraz argi baino argiago zegoen nik Udaberrin bukatuko nuela jejeje.
Helduen taldera iritsi bitarteko prozesua nola bizi izan zenuen? Horrelakoa izango zela uste al zenuen?
Beti diote gustuko gauzak egitea edo ikastea ez dela aldapan gora egin daitekeen gauza. Hala ere aitortu beharra daukat, hasiera batez ere, ez zela momentu onena izan, esan daiteke dantza berri asko eta gainera pausoak zehaztasun handiz ikasi beharreko prozesu hori egin zitzaidala gogorrena. Beharbada, Ikastaroetatik aparteko mundu bat zelako. Baina bazegoen aurrera jarraitzeko motibatzen ninduen alderdia, taldea hain zuzen ere. Eta hori izan da beti motibazio iturria. Ingurukoekiko konpainia ona barne noski.
Horrez gain aurretik pasatako taldekideek azaldu zizkiguten haien esperientziak, anekdota bat edo beste, eta baita hainbat aholku ere. Beraz gainera zetorkigunarekin kontziente ginen.
Nola ikusten zenuen taldea lehen, kanpotik, eta nola orain, barrutik?
Esan dezaket Udaberri soilik dantza talde bat bezala ikusi dudala txikia nintzenetik duela pare bat urte arte. Noski ikusten nituela egiten zituzten plan nahiz saltsa guztiak baina ez nintzen benetan zenaz ohartzen. Orain aldiz, talde bat dela pentsatzetik familia, koadrila handi bat edo gehienek dioten moduan “sekulako sekta” dela konturatu naiz. Eta gainera, kanpotik ikusten ez diren lanez ohartu naiz. Egiten diren bilera, sail bakoitzeko ardurak, eta beste hainbat gauzez. Taldekideen arteko harremana ezin hobea da eta inguruko “pertsonaje” guztiak juntatzeko gai dela dirudi Udaberri, jejeje.
Zein dantza duzu gustukoen? Eta zein plaza?
Tolosarra naizen aldetik, San Joan eguneko bordon dantza ikustea oso gustukoa zein berezia da niretzat eta beraz Santa Mariko plaza eta Zumardi Handiko belazea aipatu ditzaket plaza gustuko gisa. Ea egunen batean bordon dantzariz jantzi eta dantzatzeko aukera dudan! Horrez gain Otsagabia, Lapurdi zein Larrain dantza oso gustuko ditut baita Arratiako jota ere. Duten berezitasuna eta xarmagatik.
Zein da euskal dantzako doinuetatik gehien gustatzen zaizuna?
Lehen komentatu bezala San Joan eguneko ekitaldia oso berezia izaten da eta beraz ezin bazter dezaket ekainaren 24ko zortzikoa. Bestetik, dultzaina protagonista nagusia duten dantzak gogoko ditut (Otsagabiako dantzak, Larrain dantza, Eltziegoko dantzak…), eta baita Arratiako jotan xirularen kantu alaia, honek duen alaitasunagatik batik bat.
Kontaiguzu urteotan gertatu zaizun anekdota bitxietako bat
Taldean ez daramat denbora asko, beraz ez dut gehienek komentatu duten bezala, bidaia batean gertatutako anekdota bat kontatzeko aukera. Baina honako hau dut kontatzeko.
Denbora tarte honetan 60.urteurrena gertutik bizitzea tokatu zait eta hori ospatzeko egin ditugun parranda, emanaldi naiz otorduak oso bereziak izan dira. Jendea gehiago ezagutu, harremanak sakondu eta ondo pasatzeaz gain, taldean dauden “pertsonajeak” ezagutzeko balio izan dit, alderdi eroenean noski, jijiji.
Bestetik, entsegu osteko hitz aspertuak oso gogoko ditut eta baita gure artean izan ditugun eta tripako mina jarri arteko hainbat barre-algara ere.
Bukatzeko, kuriosoa eta aldi berean graziosoa ere bada txikitan irakasle izan ditudanekin orain taldean egotea. Ikasle irakasle izatetik taldekide izaterako saltoa alegia.
Nola ikusten duzu taldearen etorkizuna?
60 urte bete dituen talde baten etorkizunaz zer esan dezaket… Beste sei hamarkada iraun ditzala! Urte hauetan guztietan egindako lana da horren isla eta espero dut oraingo taldekideon helburuetako bat urte kopurua handiagotzea den bezala bidean datozen guztiena ere izatea. Ez dadila Udaberrin elkartzen den jende jatorra desagertu! Eta ezta dantza tradizionala oinarri duen dantza taldea ere!