Noiz eta zergatik hasi ziñen Udaberrin?
Betidanik gustatu izan zait dantzatzea. Txikia nintzenean, musika entzun bezain pronto dantzatzen hasten nintzen, eta horregatik, nire gurasoek askotan galdetzen zidaten ea gustatuko litzaidakeenUdaberrin edota beste dantza talde batean sartzea, baina nire erantzuna ezezkoa izaten zen beti. Azkenean, orain dela bost bat urte, ni neuk erabaki nuen Udaberrin hastea, eta baita asmatu ere.
Nolakoa izan da helduen taldera iristeko prozesua?
Ikastaroetan hiru urte pasa ondoren, Vallejorekin hasi nintzen entseatzen. Entseguek askotan atletismoko entrenamenduekin koinziditzen zutenez, tamalez, entsegu asko galtzen nituen eta horrek puntu gutxi emanten zizkidan aurrerapausoa emateko garaian. Baina, helduen taldera iristeko ilusio hori nuenez, gehiago saiatu nintzen ondorengo urtean, eta azkenean lortu helduen taldera iristeko “txartela”.
Orain, bi entsegu egiten ditut, lehenik gazteen taldearekin, eta ondoren helduenekin.
Egia da, batzuetan entrenamenduak direla medio, zailtasunak izaten ditudala bi entseguetara iristeko, baina hala ere, ahalik eta entsegu gehienetara azaltzen saiatzen naiz.
Nahiko saltseroa zarela ere badakigu. Nola egiten duzu denerako denbora izateko? Atletismoa, ingelesea, dantza…
Egia esateko justu samar ibiltzen naiz gauza guztietara garaiz heltzeko, baina antolakuntza on bati esker, gauza guztietara ailegatzea lortzen dut. Atletismoa astean bost egunetan egiten dut, eta horretarako Donostiara joan behar izaten dut. Entrenamenduak dantzako entseguak ditudan egun berdinetan izaten ditut, baina, zortez, ordu desberdinetan direnez, “korrika ta presaka” ibiliz, entseguertara puntual iristea lortzen dut. Horretaz aparte, ikasketetarako denbora jakin bat behar izaten dut; astegunez lortzea ezinezkoa zaidanez, asteburuak aprobetxatzen ditut horretarako, eta nota itxurosoak ateratzea lortzen dut. Laburbilduz, nire bizitza nahiko “entresantea” dela esango nuke, baina hala ere, gustua hartua diot.
Atletismoa eta Udaberri… zer duzu gustukoen?
Galdera hau askotan egiten diot neure buruari hala ere ez naiz garbi erantzuteko gai.. Kirol bezala, atletismoa gehiago gustatzen zait, eta talde giroari erreparatuta,, atletismokoa asko gustatzen zait, baina Udaberrikoak xarma handiagoa duela iruditzen zait. Beraz, etorkizunean bietako bat aukeratzea tokatuz gero, (nahiago dut horretan ez pentsatu), ez dakit zerekin geratuko nintzatekeen.
Zer ematen dizu udaberrik? Eta zuk zer eskaintzen diozu?
Emanaldietarako behar den urduritasun puntu hori, lagunarte giro ona, momentu ahaztezin eta ederrak… . Hori da, Udaberrik beste mila gauzen artean ematen didana. Baina hori guztia ezin lortu besterik gabe. Horretarako, nik, etorkizuneko Udaberri izango denarentzako aportazio txiki bat emango diodala uste dut.
Bukatzeko, zein etorkizun ikusten diozu taldeari?
Etorkizunera begira , taldea guztiz desberdina izango dela badakit; batez ere, taldea osatuko duen jendea desberdina izango delako. Hala ere, desberdintasun horiek edukitzeak, ez du esan nahi taldea ez dela orain bezain ona izango. Egia da, bai, tartean gorabehera batzuk izan daitezkeela, baina guztiz seguru nago desberdintasun horiek berezitasun onak emango dizkiola Udaberriri.