Noiz eta zergatik hasi zinen Udaberrin?
5 urterekin hasi nintzen Udaberriko ikastaroetan, orain nire taldekidea den Onintze Hartsuaga irakasle nuela. Garai hartan eskolan ematen ziguten paper bat ikastaroetara apuntatzeko animatuz, eta eman ziguten egunean bertan amarengana joan nintzen korrika, eta paper hura erakutsiz, gogo eta poztasun handiz esan nion Udaberriko ikastaroetan dantza egin nahi nuela, eta ondorioz, apuntatu egin ninduen.
Helduen taldera iritsi bitarteko prozesua nola bizi izan zenuen? Horrelakoa izango zela uste al zenuen?
Egia esan behar badut, ez zen erraza izan, hasieran asko nekatzen nintzelako eta gogorra egiten zitzaidalako astean hiru egunetan entseiatzea. Gainera, Vallejoren entseguetan nirekin hasi ziren lagun batzuek pixkanaka dantza uzten zutela ikusteak ez ninduen asko animatu. Egoera horren aurrean, nik ere uztea pentsatu nuen, entseguak oso gogorrak zirelako eta nire lagunek ere utzi zutelako, baina, ondo pentsatu ondoren jarraitzea erabaki nuen, dantza delako benetan gustuko dudana, eta inork ez didalako inoiz kenduko dantzatzeko grina. Horregatik, uste dut egindako esfortzu guztiarengatik nagoela orain hemen.
Nola ikusten zenuen taldea lehen, kanpotik, eta nola orain, barrutik?
Taldean ez negoenean ez nuen ikusten Udaberrin egiten den lan guztia, baina orain, beste modu batean baloratzen dut, taldean egiten den lana ikaragarria delako. Taldekideei dagokienez, hasieran lotsa dezente pasatzen nuen, gehienak ez nituelako ezagutzen, baina, dagoeneko ondo moldatzen naiz.
Zein dantza duzu gustukoen? Eta zein plaza?
Dantza asko ditut gustukoak; fandango eta arin-arina, Eltziegoko dantzak edota Gipuzkoako dantzak, bakoitzak bere xarma du. Baina, dantza bat aukeratu behar izanez gero bordon-dantza izango litzateke. San Joan egunean inoiz dantzatu ez badut ere, San Joan zortzikoa entzuten dudanean sentitzen dudan zirrara ezin dut azaldu, eta tolosar bezala, betidanik ikusi izan dudan dantza da. Plazari dagokionez, Santa Maria plaza dut gogokoen, suaren ondoren egiten den San Joan bezperako emanaldia oso berezia delako.
Zein da euskal dantzako doinuetatik gehien gustatzen zaizuna?
Lehen esan bezala, San Joan zortzikoaren doinua asko gustatzen zait, baina nire gogokoenak fandango eta arin-arineko doinuak dira, abesti alaiak baitira eta entzuten ditudan bakoitzean, ezin izaten dut oinak mugitzeko gogoari eutsi.
Kontaiguzu urteotan gertatu zaizun anekdota bitxietako bat.
Taldean denbora gutxi daramat, beraz, ezin izan dut anekdota berezirik bizi. Kontatu dezaket aurten udaran Parisera egindako bidaia nire lehen bidaia izan dela Udaberrirekin, eta bidaia berezia izan dela, une polit eta dibertigarriekin.
Nola ikusten duzu taldearen etorkizuna?
Udaberri bezalako 61 urte dituen dantza talde baten etorkizuna oso oparoa dela uste dut, bai talde barruan egiten den lan guztiarengatik eta baita ikastaroetan dauden haur guztiak ikusiz, belaunaldi berriak datozela ikusten dudalako ere.