Udaberri dantza taldea

Kargatzen...

Itxi

Miren Izagirre

Kaixo! Miren Izagirre naiz, neska alai tolosarra. Denbora librean, dantzaz gain, irakurtzea, lagunekin egotea edota musika jo nahiz entzutea dut gustuko.

Noiz sartu zinen Udaberrin? Nolakoa izan zen sarrera?

Aitortu beharra dut txiki-txikitatik izan dudala dantza egiteko grina, edonon musika entzun eta dantzan hasten bainintzen. Horregatik, bost urte nituela eman nuen izena Udaberriko ikastaroetan, garai hartan ikastolako lagun ia guztiek bezalaxe. Beste bi lagunekin batera Udaberri Dantza Taldean sartzea aurrerapauso handia izan zen guretzat. Hasiera ez zen erraza izan, bat-batean beste taldekide zaharrago batzuekin ensaioak, bidaiak, emanaldiak…egiten hastea ez baita nolanahiko aldaketa. Ez genuen harreman esturik taldekideekin eta beraiekin hitz egitea kosta egiten zitzaigun. Hala ere, taldean sartu bezain laster Valladolidera eginiko bidaiak, taldekideen eskuzabaltasunarekin batera, beraiekiko harremana estutzen lagundu zigun, eta baita taldeko giro ona antzematen ere.

img_3369

Euskal dantza aukeratu izan ez bazenu zer egingo zenukeen?

Betidanik apuntatu izan naiz edozein ekintza edo jardueratan, eta zortzi urte ingururekin eskola kiroletan eman nuen izena lagun gehienekin batera. Bertan futbola, saskibaloia eta eskubaloia praktikatzen genituen, eta baita atletismoa ere. Niri futbola gustatzen zitzaidan gehien, eta beste zenbait urtetan jarraitzeko aukera izan nuenez, alde batera ez uztea erabaki nuen. Horrek, ordea, dantzan igarotzen nuen denbora kentzen zidan zenbaitetan, eta bi ekintzak txandakatzea ezinezkoa egin zitzaidanean, futbola utzi eta dantzan jarraitzea erabaki nuen. Ez dakit momenturen batean dantza utzi eta futbolean jarraitzea burutik igaro ote zitzaidan, baina aitortu behar dut kosta egin zitzaidala gustuko nuen kirol bat praktikatzeari uko egitea. Berriz ere izan dut futbolean hasteko aukera, baina argi dut dantza ez dudala inolaz ere baztertuko.

 

Dantza bat, plaza bat. Zergatik?

Dantza guztien artean asko eta asko ditut gustuko baina aukeratzekotan Eltziegoko dantzak aukeratuko nituzke. Oholtza gainean gozarazten duten dantzak direla esango nuke. Musika ederra dute gainera, eta soinean janzten ditugun jantzi koloretsuek eta gure hanken mugimenduek ezin politagoak egiten dituzte. Beste zenbait dantza gustukoren artean Arabako hauexek aukeratuko nituzke, beraz.

Plaza bat aukeratzeko garaian, Santa Maria plaza aukeratzera behartuta sentitzen naiz ia-ia. Plaza ederra da, ikusgarria. Horrez gain, San Joan bezperan bertan egiten dugun emanaldia izugarria izaten da, oso hunkigarria benetan. Lehen aldiz aritu nintzenean, emanaldi berezia izaten dela aldez aurretik jakin arren, uste baino bereziagoa egin zitzaidan. Tolosarrak izanik nolabaiteko “kariñoa” diogu plazari eta ez da gutxiagorako ere!

img_3372

Taldeko gazteenetakoa izanda, nola ikusten duzu Udaberriren etorkizuna?

Ganora handiko dantza taldea dela argi dago, edozer antolatu edo prestatzeko gai dena, guztion laguntzarekin, noski. Gainera, kide berriak ere sartzen dira pixkanaka, eta esan beharra dut horrek izugarrizko indarra eman diola taldeari eta batez ere guri, taldekideoi. Ikastaroetan beste hainbat ume ere badabiltza, eta hori beti izaten da seinale ona taldearen etorkizunerako. Hala ere, niri oraindik makina bat urte geratzen zaizkit taldean, eta taldekideei ni jasatea tokatuko zaie urte guzti horietan…jeje.

 

Kontatu urte hauetan Udaberrin bizi izan duzun anekdotaren bat.

Hainbat eta hainbat momentu berezi igaro ditut Udaberrirekin eta buruari zenbait buelta eman ondoren, beste bi taldekideri eta niri gertatutakoa kontatu nahiko nuke. Larunbat arrunt bat zen, eta Idoia Aiestaranek eta nik Tolosako plaza baten inagurazioan agurra dantzatu behar genuen, Josu Lizarraldek txistuarekin lagunduta. Beraz, hamabiak aldera hantxe joan ginen hirurok, bakoitzak bere jantzia Udaberriko zorroan hartuta, kultur etxerantz, bertan aldatu behar baikenuen. Lasai hartu genuen guztia, nahikoa denbora genuelakoan. Aldatu, buruko zapia jarri eta bizpahiru aldiz entseatu ondoren, plazarantz abiatzekoak ginen, kultur etxe barruan ateak itxita geratu ginela konturatu ginenean…hura sustoa! Berandu genbitzan eta zeharo apuratuta geunden gainera. Orduan aitari deitu nion kultur etxetik atera gintzan, eta korrika batean joan ginen plazara. Orain anekdota hutsa dirudi, baina tentsio handiko momentua izan zen!

img_3375

Esan digutenez perkusioa ikaragarri gustatzen zaizu, bonboa batez ere. Gainera erritmoa bikain ematen duzula kontatu digute. Egia al da?

Ez dakit ni naizen galdera hau erantzuteko egokiena… Azken hilabete hauetan bonboa jotzeko konpromisoa hartu dut zenbait festa eta kalejiratan, eta oso gustura egin dut gainera. Hala ere, jotzeko nire estilo propioa dudala esan daiteke…jeje, eta zenbaiti ez zaie batere gustatzen! Egia esan ez dakit zein den nire jotzeko moduari ikusten dioten eragozpena, instrumentuaren jotzeko erari poztasun apur bat jartzen saiatzen naiz, besterik gabe! Horregatik gustatzen zait “kontratiempoan” jotzea eta taldeko gainontzeko musikarien kexak jasan behar izaten ditut… Nire ustetan, ez dakite bonboak eman dezakeen jokua ondo estimatzen…jajaja. Horregatik, eskakizun bat egin nahiko nieke: txapek jo dezatela orain arte bonboak jo duena eta utzi niri bonboarekin “kontratiempoa” jotzen!

 

Zer da zuretzat Udaberri?

Galdera potoloa da hau, orain arte Udaberrik hainbat eta hainbat gauza eman dizkit eta. Udaberri, batetik, euskal kultura zabaltzen ahalegintzen den taldea dela iruditzen zait, dantza baliatuz gure herriaren kultura plazaratzen duena. Horrez gain, ordea, familia edota lagun kuadrila txiki bat da, pixkanaka-pixkanaka handitzen eta loratzen doana. Edozertan laguntzeko prest dagoen taldea, milaka eta milaka istorio ezberdin bizitakoa eta oraindik milioika bizitzeko dituena. Taldekide guztion artean, talde guztietan gertatzen den bezelaxe, harremanak ez dira berdinak, baina gure artean giro ona nabari da, eta hori eskertzekoa da, dudarik gabe. Nik, beraz, eskerrak eman nahiko nizkioke Udaberriri orain arte eman didan guztiagatik, taldekide guztien adiskidetasunagatik eta gustuko dudan hori egiteko aukera emateagatik.