Noiz hasi zen zure harremana Udaberri dantza taldearekin?
Bost bat urterekin hasi nintzen Udaberriko haurren ikastaroetan nire lehen dantza pausoak ikasten, gaur, nire taldekide diren Itzea Urkizu eta Garazi Artetxe irakasle nituela. Hala ere, aipatu behar dut Udaberrirekin harremana jaio orduko izan dudala, gurasoak ere bertako dantzari izan baitziren.
Zuk ere odolean daramazu idatzia Udaberri izena…
Arestian aipatu bezala, gurasoez gain, osaba-izebak ere ibili ziren taldean. Eta are gehiago, gure aitona den Ramon Urruzola taldeko lehenengo txistularietako bat izan zen. Bestalde, egun, anaia dudan Xanti ere taldean dabil.
Helduen taldean sartzeak zer inpresio eman zizun?
Hasiera ez zen erraza izan, taldekide gehienekin ez nuen harreman esturik, entseguak gogorrak ziren… Hala ere, taldeko giroa ezin hobea zen, eta, sartu bezain laster Valladolidera eta Hungariara egin genituen bidaiak izan ziren taldean erabat integratzeko giltza.
Zuri ere galdera behartua: plaza eta dantza kuttunik?
Tolosarra naizen aldetik, San Joan bezperan Tolosako Santa Mari plazan egin ohi dugun emanaldia aipatuko nuke, oso emanaldi hunkigarri eta berezia izaten baita. Dantza kuttunenari dagokionez, ez nuke dantza bat aukeratzen jakingo, Larrain dantza, Eltziegoko dantzak eta Gipuzkoako dantzak oso atsegin ditut, besteak beste.
Oraindik dantzatu ez duzun zein tokitan dantzatuko zenuke gustura?
Egunen batean, San Joan egunean Tolosako Zumardi handian egiten den soka dantzan bordon dantzariz jantzita dantzatzea gustatuko litzaidake.
Zure afizioa hankak astintzea eta mugitzea dela argi dago…
Txiki-txikitatik hasita oso gustuko izan ditut euskal dantza zein dantza klasikoa, beraz, dantza nire “pasioa” dela esan daiteke…jejeje.