Udaberri dantza taldea

Kargatzen...

Itxi

Nerea Diaz

Kaixo! Nerea Diaz naiz, tolosarra eta dantzaria. Horrez gain, biolina jotzea eta lagunekin gelditzea gustatzen zait. Bidaiatzea eta hizkuntza desberdinak ikastea ere oso atsegin ditut.

Noiz hasi zinen Udaberrin, eta nola iritsi zara helduen talderaino?

Txiki-txikitan hasi nintzen dantzan, 6 urte inguru izango nituen. 13 urte nituela, urtebetez utzi behar izan nuen dantza, biolin eskolak ere ordu berean izaten nitelako, baina urte bat eta gero, berriz bueltatu eta J.L. Vallejorekin hasi nintzen, beste hainbat lagunekin. Nahiko gogorra izan zen Vallejorekin egon eta helduen talderaino pasatzerainoko tartea, ensaio ugari suposatu zituen, baina dudarik gabe, merezi izan zuen.

 

Kide gazteenetakoa zaren arren, haurren ikastaroen ardura izan da tokatu zaizun lehena. Garrantzitsuak direla uste duzu?

Bai, hala da, egia esan, lan asko dago egiteko ikastaroetan nahiz beste sailetan. Haur askok ematen dute izena, eta urtean zehar dauden hainbat emanaldi ondo antolatzea oso garrantzitsua da. Emanaldiez gainera, urtero jantzi berriak egiten dira talde batentzat eta oihal guztiak egokiak direla ziurtatu behar dugu. Taldeko eginbehar guztiak oso garrantzitsuak dira eta hainbat sailetan banatuta egotea oso ideia ona dela esan behar dut, izan ere, horrela lan guztiak egokiago egiten dira.

img_9956

Dantzari-txikia eta erromeria ikusi dituzu beste aldetik dagoeneko. Zer inpresio eman dizu antolakuntza barrutik bizitzeak?

Esan beharra daukat izugarrizko lana dagoela dantzari-txikiaren prestakuntza guztian. Aldez aurretik lan asko egin behar da, bai dantzari-txikirako eta baita erromerirako ere, baina azkenean, horrenbeste lan egin eta gero, egun hori iristeko gogo gehiago jarri zitzaizkidan niri behintzat!

 

Esan dugu taldeko gazteenetakoa zarela, 15 urte inguruko aldea duzu zaharrenekin… nabaritzen da?

Egia esateko, ematen duena baino alde handiagoak daude urteei dagokienez, ia gazteenen adin bikoitza dauden taldekideak baitaude! Hala ere, esango nuke hori dela, hain zuzen ere, taldeari aberastasuna ematen diona. Helduenengandik asko ikasten dugu eta pentsatzen dut beraiek ere gugandik zerbait ikasteko aukera izango dutela. Espero dut zaharragoa naizenean nik ere belaunaldi gazteagoez gozatzeko aukera izango dudala eta, orain zaharrenek egiten duten bezala, gazteenei laguntza eta aholku baliagarriak emango dizkiedala.

 img_9959

Zer iruditzen zaizu asteko entsaio ordu guztiez gain bestelako lanak ere hartu beharra?
Talde bat aurrera ateratzeko lana egin beharra dagoela pentsatzen dut, baina asko gara, eta lana hainbat sailetan banatzen dugu, denon artean errazago eta egokiago egiten baita. Azken finean, guri gustatzen zaigun horretan ari gara, eta nahiz eta denbora eskatu, gustura egiten ditugu eginbeharrak.

Ikasi dituzun dantza guztien artean zein da gehien gustatzen zaizuna?
Gipuzkoako dantzak asko gustatzen zaizkit, baina fandangoa eta arin-arina dira gehien gustatzen zaizkidanak. Oso ezagunak dira eta erromerietan jendearekin dantzatzeko aproposak iruditzen zaizkit.

 

Ikastaroetan hasi zara. Aurrera begira, taldeko beste zein sailetan aritzea gustatuko litzaizuke?

Egia esan, ikastaroen sailean oso gustura nago, baina beste sailen bat aukeratzekotan, jantzien saila aukeratuko nuke. Oso interesgarria iruditzen zait jantzi tradizionalen kontua eta oso lan polita delakoan nago. Dena den, ikastaroen sailean ere gauza interesgarri mordoa dago egiteko eta gogotik saiatu ondoren gauzak ondo ateratzen direla ikusteak izugarrizko poza ematen du.

img_9961

60. urteurrena bizitzea tokatu zaizu. Zer esango zenieke aurreko eta ondorengo belaunaldietakoei?

Aurreko belaunaldietakoei egin duten lanagatik eskerrak ematea besterik ez zait geratzen, talde batek 60 urtez iraun badu, lana ondo egin den seinale da, eta asko ikasten da aurrekoek egindakotik. Gaur egun egiten ari garenarekin eta ikastaroetatik datozen taldeekin etorkizun ona ikusten diot Udaberriri eta ondorengo belaunaldietakoei esango diet guk dakiguna pozik erakutsiko diegula eta nire esperientzia, nahiz eta hasi berria naizen, oso atsegina izaten ari dela.