Udaberri dantza taldea

Kargatzen...

Itxi

Oinatz Martinez

Iepa! Oinatz Martinez naiz, tolosarra eta 1987an jaioa. Duela urte batzuetatik 28 Kanalean lanean nabil kameralari, elkarrizketatzaile edota aurkezle modura eta egia esan arraroa egiten zait galderak erantzutea, normalean ni bainaiz egiten dituena. Denbora librean oso gustuko ditut bidaiatzea, mendia, hondartza, musika entzutea, lagunekin egotea, argazkigintza eta patinetan ibiltzea. Tolosaldeko Irristaka taldeko kide ere banaiz. Hori guztia egiteko denbora nondik ateratzen dudan neronek ere ez dakit, baina, esaldiak dioen bezala, "gustuko tokian aldaparik ez"!

Noiz hasi zen zure harremana Udaberri dantza taldearekin?

Nire lehen kontaktua Udaberrirekin aspalditik dator, izan ere, txikitan hasi nintzen ikastaroetan. Baina dantzarako zaletasuna odolean dakart: gurasoak, osaba-izebak eta aitona, Udaberri eta Arkaitz taldeetako dantzariak eta txistularia izandakoak dira. Hasierako garaietan jolasa zen dantza, ikastolako gelakide eta lagunak elkarrekin aritzen ginelako. Baina, denborarekin, utzi egin zuten gehienek, taldean Aritz Iglesias eta ni bakarrik gelditu ginelarik. Azkenean, euskal dantzak uztea erabaki nuen nik ere.

 

Etenaldi luze horren ondoren, nolatan itzuli zinen berriro, entseguetako sufrimendura?

2012. urtean itzuli nintzen taldera eta ez naiz damutu. Euskal dantzen mundua oso gustuko dut, eta tarteko urte horietan denetan sarri galdetu izan diot neure buruari zergatik utzi ote nuen Udaberri. Pentsatzen jartzen nintzen bakoitzean, izugarrizko pena sentitzen nuen. Lehenago hasteko aukera edo iniziatiba eduki izan banu gustura hasiko nintzen, baina ez zen hala suertatu. Dena den, Joxe Nazabalekin entsegu batzuk egin ostean, nahiko azkar iritsi zitzaidan taldean sartzeko gonbita.

img_0041

Hori horrela baldin bada, sufrimendutik bezainbeste izango du, talde honek, gozamenetik, ezta?

Dudarik ez dago! Egia da entseguak gogorrak direla eta denbora asko eskaini behar zaiola taldeari, bai entseguetan eta bai entseguetatik kanpo, baina beste aurpegia ere badu txanponak, eta dena ez da sufrimendua!

 

Taldeko helduenetakoa, baina, era berean, hasiberrienetakoa. Kontraesan horretan, nola moldatzen zara?

Hala da, ni baino zaharragoak diren beste bi kide bakarrik daude taldean. Hala ere, txikitan irakatsi eta ikasitakoa nahiko ondo errotuta daukat eta, zentzu batean, ez naiz zerotik hasi. Eta eskerrak, bestela ez dakit taldean egongo ote nintzatekeen!

 

Helduen taldean sartu zinenean, zerk eman zizun arreta gehien?

Arreta gehien taldeko giroak, elkarren arteko konfiantzak eta dantzaz gain egiten den lan guztiak eman zidan. Kanpotik askotan entzuten da “zein ondo bizi zareten, dantza egin eta beti afariak egiten eta parrandan zabiltzate”. Hori kanpotik ikusten dena da, eta, aitortu behar dut, garai batean nik ere hori ikusten nuela. Baina taldean sartzeak zeharo aldatu zidan ikuspegi hori. Beldur pixka bat ere ematen zidan taldean sartzeak, ez bainekien nola hartuko ninduten, baina lehenengo momentutik erabat irekiak izan dira nirekin eta jadanik txikitako lagunak izango balira bezala ikusten ditut.

img_0044

Sekta deitzen digute. Hala al gara?

Bai! UdaSekta! Eta harro nago sektakide izateaz! (jajaja)

 

Galdera behartua dirudi eta, beraz, hor doa: plaza kuttun edo amesturik? Eta dantzarik?

Galdera behartua eta erantzun errepikatua! San Joan bezperak xarma berezi bat duela esango nuke, bai tolosar bezala, eta baita dantzari bezala ere. Momentu berezia, herriko jaiak, kanpai hotsak, sua, ehunka begi zuri begira… Magiaz beteriko momentua da. Dantzetan berriz, hobeto moldatzen naiz batzuetan besteetan baino, doinuak alaiagoak direlako edota gorputza erosoago mugitzen dudalako, baina onartu behar dut oso zaila egiten zaidala fandango eta arin-arin doinuak entzun eta geldirik geratzea.

 

Eta hau ere, ezinbestekoa: zer eman dizu talde honek? Kendu ere egiten du?

Gauza asko eman  dizkit Udaberrik. Jende berria eta lehendik ezagutzen nituenak gertuagotik eta hobeto ezagutzeko aukera, dantza berriak ikasi eta harremanak sendotu ahal izatea… Kendu aldiz, denbora besterik ez. Baina, balantza batean jarriz gero, emandakoa da pisu gehien duena, inongo zalantzarik gabe.

 

Urteotan bizi izandako anekdotaren bat bereziki azpimarratuko al zenuke?

Anekdotez gogoratzeko oso txarra naiz baina azken Tolosako dantzari-txiki egunean euria egin zuen goizean, eta, beste asko bezala, alpargata txuriak jantzita atera nintzen ni kalera. Goiz-goizetik hasita egun osoan hankak bustita ibili eta gero, alpargatak labean sartzeko ideia izan nuen eta, gaueko erromerira nire alpargata txuri “gratinatuekin” joan nintzen; hori bai, oinak lehor-lehor neuzkan!

img_0046

Zein etorkizun ikusten diozu taldeari, datozen urteetarako?

Etorkizun oparoa ikusten diot. Gazte asko indar eta ilusio handiz datozela ikusten da eta hori poztekoa da. Harrobia sendotu eta mimatu beharra dago guk hainbeste bizi eta sentitzen dugun tradizio eta sentimendu honek urte luzez iraun dezan.