Nolatan hasi zinen Udaberrin?
Pentsatzen hasita….. Nagore Imazi eman beharko nizkioke eskerrak. Ni Irurako dantza taldean hasi nintzen, Marimi Ugalde eta bere ipurdi-dantzarekin; Gloria Telleria eta bere “eskuak ondo jarri fandango eta arin-arinean” …. Eta gero Nagore etorri zen. Banekien Tolosan zebilela dantzan, eta nik zer edo zer gehiago nahi nuen, beraz, Aritz Iglesiasen ikastaroetara joaten hasi ginen Irurako sei bat gazte; eta jarraituz, jarraituz, jarraituz… barre eta urduritasunen asko pasata, Udaberriko taldekide izendatu ninduten azkenean, jajaja. Bai, udaberritar bat gehiago nintzen 13 urterekin.
Iruratik Tolosara dantzara erbesteraturiko bakarra ez zara zu; taldean badituzu beste bi herrikide. Zer ote du Tolosak hain erakargarri?
Egia da hainbat irurar pasa direla Udaberritik, eta oraintxe bertan Amaia Beitia, Xabi Artola eta ni gara Irurako ordezkariak. Zer ote duen? Nik uste dut dantzan jarraitzeko nahia izan dela arrazoi nagusia, izan ere, 12 urterekin gazte gehienek utzi egiten dute dantza Iruran. Benetan horri heldu nahi izan diogunok irteeren bila hasi behar izan genuen, beraz, zergatik ez Udaberri? Jende gaztea, jende bidaiaria eta jende benetan handia egonda? Bi aldiz pentsatu gabe, Tolosara.
Dantzarako grinaz gain, baduzu taldean beste grina edo lotura bat ere. Udaberri bikote agentzia ofiziala al da?
Ezagutu ezazu atalean prensa arrosako galderak? Jajajaj. Goazen ba. Udaberri dantza taldean, egia esan, dantzarako grinaz aparte ba… taldekide bikainak ditut. Lokal eder bat ere badugula esan daiteke, eta egiten ditugun bidaiak ere badira nahikoa lotura… jajaj. Eta, bai, mutil tolosar bat ere badudala esan daiteke, hala esaten dute behintzat jajaj. Egia da, bai, Udaberritik bikote ugari atera direla, eta zeinek esan behar zidan niri horietako bat izango nintzela? Nik uste dut elkarrekin pasatzen dugun denboraren ondoren zerbait gertatzea ez dela hain zaila. Beraz… zein izango ote dugu hurrengo bikotea?
Uda da dantzarien garairik oparoena. Zein plaza edo oholtza duzu gustukoen, oraingoz ezagutu dituzunen artean?
Pentsatzen jarriz gero, agian Belgikako bidaian, gure lehen bidaian, Leidor moduko areto batean egin dantza genuenekoa esango nuke. Nik ederki pasa nuen, oholtza haren oso oroitzapen onak ditut, eta baita beste dantza taldeetako kideenak ere. Despistatu samarra naiz izen kontuekin, eta momentu honetan ez dut gogoan nola zuen izena dantza egin genuen herriak, baina Belgikan zegoen, ideia orokor bat egiteko nahikoa da.
Eta, oraindik sekula dantzatu ez duzun nonbait gustura dantza egingo zenuke?
Bada, egia esan, ez litzateke gaizki egongo Donostia bezalako hiri batean dantza egitea, Konstituzio plazan esaterako.
Diotenez, edozein bidaiatako egunerokoa bete daiteke zure ateraldiekin?
Jajajajajaj espero nuen, bai, horrelako galderaren bat. Beno, ez dakizuenontzat, Hungariara joan ginenean agenda moduko bat eraman nuen gure eguneroko abenturak idazteko. Agenda hartan nire ateraldi ugari daude. Ateraldiak esaten dudanean zera esan nahi dut, mmm… Nik uste dut gauzak gaizki esateko erraztasuna dudala. Gauzak diren bezala esan beharrean, ez dakit zergatik, alderantziz ateratzen zaizkit. Adibidez, pan bimbo esan beharrean pan bambi, eta horrelakoak esaten ditut. Eta inspirazioa nondik? Nire despistetik dela esango nuke.
Orain serio jarrita, zer ikasi duzu Udaberrin?
Zer ikasi dudan? Gauza zerrenda luze eta positibo bat, oso-oso positiboa, gainera. Lehenik eta behin, parranda onak egiten: lehen parranda Udaberrirekin, nola ez! Bestalde, taldean lana egiten ikasteko aukera eman dit, izan ere, kide bakoitzak bere kargua du, eta beharrezkoa da gauzak ondo eramatea (nahiz eta beti ezin den jeje). Beraz, denon artean lan egitea ezinbestekoa da. Kultura arloan ere aberasgarria izan da, baina, nire ustez, taldekideen laguntasuna izan da eman didan gauzarik handiena. AUPA EKIPOOOOO!!
Oraindik ere taldean jarraitzeko asmoa duzu?
Bai bai eta bai. Oraindik nire taldekideek denbora luzez eduki beharko naute taldean. Udaberri indarrean dago eta indarra ematen jarraitu behar dugu al dugun neurrian.
Belaunaldi asko eta jende desberdina, ordu mordoa elkarrekin igaroz. Haserrerako gako guztiak hor daudela dirudi, baina kontrakoa gertatzen da taldean. Zergatik?
Horrek erantzun erraza du, haserre guztiak etxean uzten ditugulako edota J.L. Vallejoren entsegu gogor eta izerditsuetan botatzen ditugulako, berriz ere energia positiboa hartuz. Egia esan, Udaberrin gaudenok nahi dugulako gaude Udaberrin, inor ez dago behartuta taldean, beraz, oso zaila da haserrealdiak egotea. Gustura zauden lekuan haserrerik ez, hori da gure taldearen gakoa.
Bukatzeko, galdera behartua: hamaika eta bat anekdotaren artean, Udaberrin bizi izan duzun bat azpimarratuko zenuke?
Bufff…. Anekdota ugari izan ditut bidaietan: adibidez, Monakon autobusetik jaitsi nintzenekoa… Hortzak garbitzen hasi eta ura edateko burua makurtu nuenean, xaboia erori zitzaidan burura, sensoreduna zelako. Edo Bermeoko emanaldira bidean ginela alpargatak ahaztu zitzaizkidala konturatu nintzenekoa; nire aitak Villabonara etorri behar izan zuen niri alpargatak ekartzera… Anekdota ugari ditut Udaberrin, eta oraindik anekdota gehiago izateko esperantzaz naiz.
Mila esker denoi, Udaberritar guztioi eta ez ahaztu, AUPA UDABERRI RRI RRI RRI ETA AUPA EKIPO eta nola ez…
AUPA IRURA TA GORA SANIMIEL!