Udaberri dantza taldea

Kargatzen...

Itxi

Onintze Hartsuaga

Onintze Hartsuaga naiz, 1988an jaiotako tolosarra. Ikasketak amaituz geroztik erizain gisa lan egiten dut Asuncion klinikan. Gainera, taldekideen erizain partikular lanak egitea ere tokatzen zait noizean behin, Maitane Sarasola eta Itsaso Barrenetxearekin batera.

Zer da zuretzat Udaberri?

Galdera potoloa. Bizitzarako eta lanerako eskola bat izan dela esango nuke, bertan ikasi baititut hainbat eta hainbat gauza. Bertan hartu nituen lehenengo ardura eta erantzukizunak, bertan egin nituen lehen bilerak, bertan antolatu lehen ekintzak. Udaberrik erakutsi dizkit gaur egun ezagutzen ditudan gauzetako asko.

Horrez gain, gure dantzak nahiz kultura ezagutu eta zabaltzeko aukera eman dit bai Euskal Herrian eta baita hemendik kanpo ere.

Noiz eta zergatik hasi zinen Udaberrin dantzan? Nolakoa izan zen sarrera?

Txikitan Gazteluko dantza taldean aritzen nintzen ahizparekin batera. Hango dantza saioak ordea 6 urterekin baztertu nituen, betidanik gustatu izan zaidan futbolak erakarrita. 16 urterekin, Beotibar pilotalekura joan nintzen, Udaberrik Oinkari eta Alurr dantza taldeekin batera eskaini zuen emanaldi bat ikustera, hainbat lagunek parte hartu baitzuten bertan. Emozionatuta atera nintzen eta zera esan nion neure buruari: “Onintze, zuk ere dantzan hasi behar duzu!”. Esan eta egin!

Sarrera, berriz, ez zen oso gozoa izan. Ez zegoen helduentzako ikastarorik, eta ezta niri erakusteko konpromisoa hartzeko prest zegoen taldekiderik ere. Beraz, dantzarien atzean jarri eta beraiei begira ikasi nituen dantza asko. 2-3 hilabete neramatzan horrela; orduan, J.L. Vallejok bakarka hartu ninduen eta harekin ikasi nituen gainerako dantzak.

 

Dantza bat. Doinu bat. Plaza bat. Zergatik?

Dantza: Eltziegoko dantzak, eszenatoki batean taldekideekin gehien gozarazi didan dantza sorta delako.

Doinua: fandango eta arin-arina, egun okerrenetan ere dantzarako gogoa sortzen didatelako.

Plaza: Beotibar pilotalekua, dantzan hasteko arrazoia izan zelako eta baita Udaberrirekin eskaini nuen lehen emanaldia ere.

 img_3304

Taldeko kide zaharrenetakoa izanda, zer kendu eta zer eman dizu Udaberrik urte hauetan guztietan? Nola ikusten duzu taldearen etorkizuna?

Hainbeste urtetan gauza asko kendu eta eman dizkidala esan beharko nuke, eman didanarekin gehiago gogoratzen banaiz ere. Kendu dizkit lo orduak, deskantsu egunak, ikasteko orduak… Eman, berriz, baloreak, ezagutzak, ardurak, bidaiak, barreak, negar saioren bate edo beste, afariak, dantza saioak eszenatokian eta eszenatokitik kanpo… baina guztia hitz batean borobildu behar banu, Udaberrik LAGUNAK eman dizkidala esango nuke, taldea utzitakoan ere nire bizitzaren parte izango diren LAGUNAK.

 

Artutxatarrekin batera, Hartsuagatarrok ere taldean estatu kolpea emateko asmoa al duzue noizbait?

Jajajaja!!! Egia esan, aita taldean sartzea bakarrik falta zaigu. Irati hasi zen lehenik eta ondoren etorri ginen Eneko eta biok. Esan beharra daukat, gehiago egoten garela elkarrekin Udaberriko planetan etxean baino, beraz, oraingoan ere eskerrak eman behakor dizkiogu taldeari familia elkartuta mantentzeagatik, jeje!!

 

Dantzaria izateaz gain, baduzu bestelako ardurarik taldean. Zer iruditzen zaizu horrelako talde batek sail desberdinak izatea bere egituraren barruan?

Taldearen funtzionamendurako eta etorkizunerako beharrezkoa dela iruditzen zait. Alferrik ariko dira 4-5 lagun lanean horiek taldea utzitakoan gainontzekoek ez badakite nondik hasi ere. Gainera, lanak denon artean banatuta errazago egiten dira eta fruituak datozenean guztiok gozatzen ditugu elkarrekin.

 

Horrez gain, koordinatzaile izandakoa zara. Zer nolako ikasturtea izan zen hura?

Ikasturte gogor bezain intenso bat bezala gogoratzen dut. Urteroko lanez gain, lokal berriaren kontua gehitu zitzaion. Negoziazio, bilera eta erabakiz beteriko urtea tokatu zitzaidan eta esan beharra daukat momentu txarrak ere pasatu nituela. Hala ere, nire burua hobeto ezagutzeko balio izan zidan, eta bizitzarako arma berriak eman zizkidala uste dut. Orain, gure lokal eraberrituan sartzen naizen bakoitzean ordea, merezi izan zuela ohartzen naiz.

 

Batzuetan, hala tokatzen delako, ofiziorako dituzun gaitasun eta trebeziak aplikatu behar izaten dituzu taldekideekin. Erraza al da erizaintza eta dantza bateratzea?

Taldekideen erizain partikular lanak egitea ez da batere zaila, nahiz eta batzuetan ez jakin zer erantzun. Bidaietan nahi baino gehiagotan egin behar izan ditugu erizain lanak eta askotan adarra jo izan diegu taldekideei ez dituztelako gure oporrak errespetatzen.

Lan ordutegiak eta entsegu, emanaldi eta bilerak kudeatzea, ordea, beste kontu bat da. Erreleboka lan egiten dut eta askotan ezinezkoa da bi gauzak bateratzea, beraz, trikimailu ugari egin behar izaten ditut toki guztietara iristeko. Hala ere, orain artean nahiko ongi moldatu naiz eta ez ditut zita garrantzitsu asko galdu!

Horretarako, hala ere, koadrilakoak diren bi taldekide badituzu. Hirurak dantzariak, koadrilakoak, eta erizainak.

Halaxe da bai, txiki-txikitatik elkarrekin ibili gara eskolan, koadrilan, unibertsitatean eta gero dantzan, eta lanean ere. Nire amak esango lukeen bezala, “zuek erretiroa ere batera hartuko duzue!!”. Beti izan dira garrantzitsu, batez ere, esparru asko jorratu ditugulako elkarrekin. Hemendik aurrera ere hala izango da, ziur nago!

 

Azkenik, orain duzu unea anekdotaren bat edo beste kontatzeko.

Gehienak taldekideek kontatu dituzte dagoeneko. Hala ere, oraindik kontatu gabeko bat badela uste dut: 2013ko udan, Hungaria aldera egin genuen bidaia. Bertako jaialdian, spa antzeko igerileku batzuetan dantza egitea tokatu zitzaigun lehen egunean. Emanaldia arratsaldeko 15:00etan eskaini behar genuen baina goizetik spa eta igerilekuez gozatzeko aukera eman ziguten antolatzaileek. Baina ez ginen nahi bezain erraz iritsi igerilekura, autobusa aparkatzen ari ginela hondarretan hondoratu baitzitzaigun. Denak autobusetik jaitsi eta ahaleginak egin genituen hura ateratzeko baina ez zegoen modurik. Azkenean, gurekin jaialdian parte hartzen zuten poloniarren autobusak gurea erremolkatu eta sokaz tiraka atera genuen hondar artetik.