Udaberri dantza taldea

Kargatzen...

Itxi

Uxue Dorronsoro

Iepa! Ni Uxue naiz, 2001ean jaiotako dantzari belauntzarra. Dantzaz gain, musikarako zaletasuna ere badut, eta trikitixa eta panderoa astintzen ditut. Ikaragarri gustatzen zait mendira joatea, eta udaberritarra izanik, nola ez, parranda egitea ere gustuko dut jejeje

Noiz eta zergatik hasi zinen Udaberrin?

Lehen dantza pausoak 4 urterekin eman nituen Udaberriko haurren ikastaroetan, gaur egun taldekide dudan Onintze Hartsuaga irakasle nuelarik. Urte batzuen buruan uztea erabaki nuen, nirekin dantzatzen zuen lagunari jarraituz, baina nire bizitzako erabakirik txarrena izan zela esan dezaket. Urte batzuk dantzarik egin gabe egon ondoren, beste dantza talde batean hasi ginen biok, baina segituan ohartu nintzen hura ez zela nirea, nire lekua Udaberrin zegoela. Beraz, laister itzuli nintzen bueltan Udaberrira.

Helduen taldera iritsi bitarteko prozesua nola bizi izan zenuen? Horrelakoa izango zela uste al zenuen?

Denboraldi bat Udaberritik kanpo eman ondoren, Vallejoren klaseetan hasi nintzen. Bertan zeuden ikasle guztiek Vallejoren martxa hartua zuten, ni berriz sekula egin gabeko dantzetan murgilduta ibiltzen nintzen. Entseguak oso gogorrak egiten zitzaizkidan, baina pixkanaka-pixkanaka hartu nion martxa. Gainera, ez nuen entsegu bat bera ere galtzen, nahiz eta amak etxean errieta egin, eskolako notak jaisten hasi zirela eta entseguak galtzen hasi beharko nuela esanez. Hala ere, urtebete pasa da hasi nintzenetik, eta denak diotenez oso azkar hartu dut taldeko martxa, hori,  Usabalgo gela hartan (baita etxeko sukaldean ere) pasatako ordu guztien ondorio dela esango nuke. Amak zion ez niela sekula hainbeste denbora eskaini eskolako lanei, baina badakizue gustuko lekuak ez duela aldaparik! jajaja

Nola ikusten zenuen taldea lehen, kanpotik, eta nola orain, barrutik?

Taldetik kanpo egon nintzen tartean, anaia (Iker Dorronsoro) taldeko musikari moduan sartu zen eta hor hasi nintzen konturatzen taldean zegoen giro onaz eta egiten zituzten ekintza guztietaz. Esan behar da, ez zuela ematen barruan dagoen lan guztiak egon behar zuenik. Iker geroz eta gutxiago egoten zen etxean beti Udaberriko “lanak” zirela medio. Aurten niri tokatu zait hori bizitzea, eta egia da kanpotik dena oso polita ikusten dela, baina hori horrela izateko barruan lan handia dagoela egiteko.

Zein dantza duzu gustukoen? Eta zein plaza?

Ba egia esan, ezingo nuke dantza bakarra aukeratu; baina, Larrain dantza, Eltziegoko dantzak eta Bordon dantza dira gehien gustatzen zaizkidanak. Plazetan aldiz, Santa Mariakoa eta Zumardi Handia dira xarmagarrienak, egun zoragarriak izaten dira horiek, eta nahiz eta ni tolosarra ez izan, niretzat ere bereziak dira.

Zein da euskal dantzako doinuetatik gehien gustatzen zaizuna?

Hasieran aipatu moduan, musikaria ere banaiz eta esan behar dut doinu gehienak oso gustukoak ditudala, batzuk besteak baino alaiagoak dira eta horrek asko laguntzen du dantzan ari garenean irribarre bat egiterakoan. Aipatzekotan, Eltziegoko dantzena, Larrain dantzarena, Gipuzkoako dantzena, eta nola ez San Joan zortzikoa. Otsagiko dantzena ere oso doinu alaia da eta azkenik, fandango eta arin-arina, horiek entzun eta ezinezkoa da geldirik geratzea.

Nola ikusten duzu taldearen etorkizuna?

Udaberrik urteotan izandako bilakaera ikusiz, etorkizun oparoa datorkiola uste dut. Momentu txarrak izan zituen, baina orain berriro gorakada une batean dago, ikusi besterik ez dago ikastaroetako martxa eta baita taldearen emanaldi eta taldekide kopurua. Talde honen barneko giroak ere asko laguntzen du, adin desberdinetako jendea egoteak aberastasuna ematen dio eta hori ere taldeak duen beste ezaugarri garrantzitsuenetako bat da.