Udaberri dantza taldea

Kargatzen...

Itxi

Uxue Muñoa

Iepee!! Uxue Muñoa naiz, 2005ean Iruran jaiotako tolosarra. Dantzatzeaz gain, trikitixa eta panderoa jotzen ditut; beraz, egun osoa musikaz inguratuta ematen dut jejeje. Denbora librean, asko ez bada ere, lagunekin kontu-kontari aritzea dut gustuko.

Zergatik eta nolatan hasi zinen dantzan? Zer edo nork bultzatuta?

Amak esan zidan bezala, 3 nituela Euskal Dantzako ikastaro batzuei buruz hitz egiten zuen ohar batekin itzuli ginen eskolatik eta izena eman nahi nuen, itxuraz dibertigarria iruditu zitzaidalako. Orduan Iruran egiten nuen, bertan bizi ginelako, baina gerora nire irakasle ziren Xabi Artolak eta Olaia Etxeberriak bultzatuta, Udaberrin hasi nintzen.

Zein dantza doinu eta plaza duzu gustukoen?

Dantza bat aukeratzekotan Fandangoa eta Arin-Arina aukeratuko nituzke. Barietate ugari dituen dantza bat dela iruditzen zait, guztiek ez dute berdin dantzatzen, bakoitzak bere modura egiten du, baina erromerietan guztiok elkartzeko modua da. Guztiok borobilean sartu eta dantzatu dezakegu, ez da beharrezkoa ondo ezagutzea, gozatu besterik ez dago. Bestalde, ezingo nuke plaza zehatz bat aukeratu, Tolosako plaza guztiak aukeratuko nituzke. Guztiek ikastarotako garaiak gogorarazten dizkidate, beste herri batzuetako taldeekin elkartzen ginenekoak. Baina bada leku bat, Zerkausia, oso oroitzapen politak ekartzen dizkidana, helduen taldearekin egindako lehen emanaldia.

Amestutako plazarik baduzu?

Nire amestutako plaza, Santa Maria plaza da, San Juan bezperan. Udaberriko jende askori gustatzen zaion zerbait dela uste dut. Sortzen den ingurunea oso ezberdina eta polita da. Ikusteko aukera izan dut behin baina gehiagotan eta beti nahi izan dut agertokian gainean dantzatzen egon eta ez ikusten.

Nola bizi izan duzu helduen taldera iristeko prozesua? Horrelakoa espero zenuen?

Prozesua nahiko zaila izan da, eskakizunaren maila ikastaroen oso bestelako delako. Astean ensaio bat izatetik hiru izatera igaro ginen, hasieran behintzat, eta gerora helduenak gehitu ziren. Gainera, prozesua egoera bitxi samarrean egin behar izan nuen: pandemian. Hilabete batzuk igaro genituen ensaiorik gabe berriro elkartzeko gai izan ginen arte, orduan itxialdiak etorri ziren eta zure burua bakartu behar bazenuen…. Prozesu luze samarra izan da, baina argi dagoena merezi izan duela da.

 

Nola ikusten zenuen taldea lehen, kanpotik, eta orain barrutik?

Ikastaroetan nengoela pentsatzen nuen ez zegoela alde handirik helduen eta gure artean, desberdintasun bakarra irakatsi egin behar zutela zela. Baina denbora pasa ahala, konturatu nintzen ezagutzen ez genuen jende gehiago zegoela atzetik eta bakoitzak lana zuela hori guztia aurrera ateratzeko. Ez zela entseaztea eta dantzatzea soilik, ikastaroak antolatzea, jantziak, materiala … Baina bada zerbait aldatu ez dena, elkarren artean dagoen giroa.

Zer pentsatua ematen al du 65.urte beteko dituen talde bateko partaide izateak?

Bai, beti pentsarazi dit Udaberri nola hasi zen eta zenbat lan egin behar izan duten 65 urteren buruan jarrai dezan. Argi dagoen gauza bakarra da bidaia hori guztia ez zela erraza izango, garai hobeak eta okerragoak igaroko zituen noski, baina hala ere 65 urte igaro ondoren hemen jarraitzen du. Horregatik, egin dezakegun gauza bakarra honaino heltzea lortu dutenei eskerrak ematea da eta orain gure txanda da, hau hemen amaitu ez dadin.