Udaberri dantza taldea

Kargatzen...

Itxi

Xabi Artola

Xabier Artola naiz, 1996an Iruran jaioa. Artearekin erlazionatutako jarduerak egin izan ditut txikitatik, musika, pianoa eta euskal dantza batik bat. Kargu desberdin asko bete ditut Udaberrin, hala nola, AHH (artxiboa, historia eta hedapena), jantzien ardura eta ikastaroena ere bai. Aisiari dagokionez, asko gustatzen zait lagunekin egotea (oso gutxitan ikusten ditudan arren), parrandara ateratzea (nahiz eta ikasketek asko ez lagundu), eta nola ez, bidaiatzea. Esan genezake, dantza talde batean egotearen alderdi postiboetako bat bidaiatzea dela. Beraz, gurean bezalako giro onean bidaiatu nahi baduzue, hasi oinak astintzen!

Dantzan txikitatik ibilitakoa zara Irurako dantza taldean, txikitako zein oroimen duzu? Nolakoa izan zen zure hasiera?

Iruran, haurrak ginenean, denok ematen genuen izena herriko dantza ikastaroetan. Ni bi urterekin hasi nintzen dantzan, baina ez pentsa dohain berezirik nuenik, denok hasten ginen adin horrekin jajajaja. Amak dio gustura joaten nintzela, nahiz eta tarteka entsegura joateko gogo falta izaten nuen, eta nire egoskorkeriagatik, amak ez zuen lortzen ni dantzara eramatea. Beste oroitzapen bat, behin herriko plazan bi urterekin dantzan ari nintzenekoa da. Zelaia txistulariak jotzeari utzi behar izan zion nire dantzarako intentzioak eragindako barreguragatik (intentzioa esango dugu, ez bainekien dantza askorik oraindik jejeje). Eskerrak Letamendia ondoan zegoela eta jarraitzeko gaitasuna izan zuela.

Hasierako hariari helduz, haur hezkuntzan geundenean, Marimi Ugalderekin ikasten genituen lehen dantza pausoak (oraindik ere horretan jarraitzen du). Ondoren, lehen hezkuntzan hasten ginenean irakaslez aldatzen genuen. Nagore Imaz izan nuen irakasle, luzaroan Udaberriko dantzari finetako bat izandakoa eta oso irakasle ona gainera.

img_3383

Iruratik Tolosako Udaberri dantza taldera salto egin zenuen, zein izan zen horretarako arrazoia?

Ez dakit zein izan zen arrazoi zehatza. 12 urte nituen orduan eta ez nekien dantzarekin jarraitu nahi nuenik ere. Jakin badakit, eta ondo gogoan dut gainera, Nagorek animatzen ninduela Udaberrira joateko esanaz, eta baita nire aurretik joan ziren irurarrek eta arrebak ere. Baina ezetz esaten nien, ez bainuen bakarrik joan nahi. Ez nekien norekin topatuko nintzen. Gainera, entzuna nuen Jose Luis Vallejo nolakoa zen eta beldur pixka bat ematen zidan Udaberrira joateak.

2008ko uda amaieran, ikasturte berria hastera zihoala, berriz ere proposatu zidaten eta ez dakit zergatik, baiezkoa eman nuen orduan. Beraz, Nagoreri eskerrak ematea tokatzen zait, berari esker bainago Udaberrin, eta oso gustura gainera. Erabakia hartu nuen eta ez naiz sekula damutuko. Harrezkero hemen nabil taldean oinak astintzen, eta luzerako, oraingoz behintzat. Asko ematen dit Udaberrik, eta dudarik gabe merezi du talde honetako partaide izateak! Gora Udaberri eta udaberritatarrak!

 

Zein da gehien gustatzen zaizun dantza? Eta plaza?

Momentu honetan behintzat, fandangoa eta arin-arina dudarik gabe. Orokorrean, ahalegin fisikoa eskatzen duten dantzak gustatzen zaizkit, Zuberoako maskarada, Gipuzkoako zenbait dantza, Otsagiko dantzak… Hala ere, momentuaren arabera dantza batzuk nahiago ditut besteak baino. Nori ez zaio gustatzen festetako erromerietan Lantzeko inatuerietako dantzak egitea edota sueltoan aritzea? Niri izugarri!

Plaza bat aukeratu beharko banu, hain irurarra naizenez, herrikoa aukeratuko nuke (plaza erdiko zuhaitza zegoen garaian jejeje), bertan San Migeletan egoten den giroa eta gazte egunean zuhaitzaren inguruan egiten dugun soka dantzak ez baitu parekorik. Hala ere, San Joan egunean eta bezperan Tolosako Santa Maria plazak duen xarma ere azpimarratzekoa da.

 

Txapelketako fandango eta arin-arina dantzatzen taldeko “number one” zara zentzu guztietan…

Ez dakit “number one” naizen ala ez, baina nahiko buru-belarri aritu nintzen horiek fintzen eta txukuntzen, eta asko ikasi nuen prozesu horretan. Beti gustatu izan zait sueltoa, desberdina da beste dantzekin alderatuta. Beste batzuek ez dituzten grazia, alaitasuna, bizitasuna eta indarra ditu, gozatu egiten dut!

Gainera, beti esan izan dut, noiz edo noiz probatu behar nuela sueltoko txapelketaren bat. J.L. Vallejok proposatu zidan sueltoko txapelketetarako prestatzen hastea, eta ez nuen bi aldiz pentsatu baiezkoa emateko garaian, erronka berri baten hasiera izan zen niretzat. Bikotea bilatu behar nuen eta Idoia Besadarekin egin nuen kontaktua, Vallejo beraren laguntzaz. Aitortu beharra daukat, beldur apur bat ematen zidala berarekin dantzan hasteak, izan ere, Idoia txiki-txikitatik sueltoko txapelketetan ibilia eta, hori gutxi balitz, Euskal Herriko txapelduna birritan. Beraz, esan daiteke dantza-bikote ezin hobea dela niretzat. Baina, horrek sortzen duen presioa ere ez da txikia, maila ona eman behar baita!

img_3387

Dantzari izateaz gain, udaberriko ikastaroetako arduradunetako bat zara elkarrizketa hau egiteko unean.

Bai hala da. Ikastaroetako arduradunetako bat izateak dena oso eguneratuta eramatea eskatzen du. Niretzat horixe da zailena. Horrez gain, azpimarratzekoa da taldekide guztiok dantzak irakasten, eta dantzari-txikiak eta Leidorreko emanaldia bezalako ekitaldi garrantzitsuak prestatzen egiten dugun ahalegina; denon laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke guztia aurrera ateratzea. Hala ere, ahalegin horrek merezi duela uste dut. Udaberriko ikastaroetan dago, neurri handi batean, Udaberrik aurrera jarraitzeko gakoa. Udaberrik bildu dituen musika eta dantzak belaunaldiz belaunaldi transmititu eta jaso ditugun bezala, guk ere jarrera berarekin jarraituko dugu eta, espero dugu ondorengo belaunaldiek ere berdin jarraitzea.

 

Eta ikasle gazteei ikastaroak ematen?

Ondo moldatzen naizela uste dut. Tolosan, ikasle talde bat daukat eta Iruran berriz hiru, azken horiek Olaia Etxeberriarekin eta Marimirekin batera. Beraz, esan daiteke Nagoreren postua betetzen dudala orain (Olaiarekin batera), eta espero dut hemendik urte batzuetara nire ikasleren batek nire postua betetzea Iruran. Aitortu beharra daukat oso gustura aritzen naizela dantza irakasten, nahiz eta batzuetan denbora asko hartzen didan. Hala ere, ez dela erraza esango nuke. Arlo guztietan bezala, batzuek erraztasun handiagoa dute besteek baino pausoak ikasteko, eta batzuetan kosta egiten da oreka aurkitzea taldeak ondo funtziona dezan. Argi daukat, taldean giro ona egotea ezinbestekoa dela, eta hori gure helduen taldetik ikasi dut; askoz ere hobeto funtzionatzen da horrela.

img_3390

Dantzan erronka bereziren bat ba al duzu epe motzean? Eta epe luzean?

Oraingoz behintzat sueltoko txapelketekin badut erronka nahikoa. Ea hasitako zorte berarekin jarraitzen dugun! Nola ez, gustatuko litzaidake Seguran ospatzen den Euskal Herriko txapelketan podiumera igotzea behintzat. Hala ere, ez dakit maila nahikoa izango dudan horretara heltzeko. Saiatu, saiatuko gara! *2016an bigarren postua lortu zuen*.

Epe luzean, oraingoz behintzat ez dut beste erronka berezirik. Erronka berriak agertzen joaten badira, onartuko ditut ahal dudan neurrian.