Noiz eta zergatik hasi zinen Udaberrin dantzan?
Udaberrin hasi aurretik, Berastegiko Belauntxingo dantza taldean eman nituen nire lehen dantza pausoak, aita bertako irakaslea baitzen. Udaberrin bospasei urterekin hasiko nintzen seguru aski. Dantzan hasteko arrazoia berriz, familiaren eragina izan dela uste dut gehienbat, izan ere, nire familiak Udaberrirekin, eta orokorrean, dantzarekin lotura estua izan du. Ondorioz, esan daiteke jaio nintzenetik dantzaz inguratuta bizi izan naizela.
Nazabaldarra izanik, zer sentiarazten dizu zure familiak Udaberrin izan duen tradizioari zure belaunaldiarekin eutsiz?
Harro egoteko modukoa da, eta ez Nazabaldarra izateagatik soilik, izan ere, gure bigarren abizena Urruzola da eta egia esan, Urruzolatarrak Nazabaldarrak baino lehenagotik izan dira Udaberriko kide. Gure aitona den Ramon Urruzola, taldea sortu zenean lehenengotariko txistularia izan zen.
Zein da gehien gustatzen zaizun dantza? Eta plaza?
Niri dantza guztiak gustatzen zaizkit. Izugarri bizi ditut bai dantza eta baita musika ere, baina asko gozatzen dut adibidez Berastegiko San Joan dantzekin edota Otsagabiako dantzekin, duten bizitasunarengatik. Azken horiek asko gustatzen zaizkit, bai dantzak eta bai musikak duten xarmagatik. Hala ere, Tolosarra naizen aldetik, oso berezia da San Joanetan dantzatu ohi dugun Bordon dantza eta baita San Joan bezperako Santa Maria plazako emanaldia ere.
Euskal dantzaz aparte arrauna egin izan duzu. Zein duzu nahiago?
Tolosaldeko Arraun Klubean aritu naiz patroi, bai. Asko disfrutatzen nuen arraunean, baina azkenean, uzteko ordua iritsi zen dantzak baino konpromiso handiagoa eskatzen duelako. Hala ere, bietako bat aukeratu beharko banu, momentu honetan dantza aukeratuko nuke, bizitza guztia baitaramat dantzan.
Kontatu Udaberrirekin izan duzun anekdotaren bat…
Hungariarako bidaian gertatu zen anekdota bat taldeko broma askoren eragilea izan da. Zagreben esnatu gineneko hartaz ari naiz. Sekulako pixagurea genuen eta geltokiko komunetan sartu ginen bi aldiz pentsatu gabe Aitor Agirresarobe, Iñigo Irurzun eta ni. Kontua da komun hartan pixa egiteagatik “tri kuna!” ordaindu behar zirela komuneko zaindariak oihukatzen zigun bezala. Buruan sekulako kolpea zuen zaindariak eta oihukatu bakarrik ez, hor hartu gintuen lepazamarretik, esnatu berritan, zer egin ez genekiela geunden bitartean. Indar erakusketa hori gutxi ez, eta hor bidali zituen beste biak diru bila autobusera, ni “bahituta”. Azkenean, pena eman genion eta ordaindu gabe alde egiten utzi zigun. Hala ere, okerrena da “tri kuna” 40 zentimo besterik ez direla!! Jajaja. Gertaera honek broma ugari eragin zituen taldekideen artean.
Zer da Udaberri zuretzat?
“Udaberri urregorri tolosar ikurra, herriaren poz eta zorion gailurra” Angel Mari Peñagarikanok ezin hobeto deskribatu zuen Udaberri. Niretzako berriz, udaberritar naizen aldetik, plazer handia da euskal kultura sustraietatik zabaltzea Udaberri bezalako talde giroan eta lagun artean. Nire bizitzaren parte handia hartzen du Udaberrik, emanaldi eta entseguez gain bestelako konpromisoak ere eskatzen dituelako eta gustu handiz egiten dut hori dena. Gainera, neurri batean esan dezaket Udaberriri esker bizi naizela, izan ere, gure gurasoek Udaberrin ezagutu zuten elkar! Jajaja.
Nola ikusten duzu Udaberriren etorkizuna?
Oso etorkizun baikorra eta oparoa ikusten diot taldeari. Ikusi besterik ez dago azken urteetan taldeak izan duen gorakada partaide eta emanaldi aldetik. Horrez gain, ziur nago jende ugari dagoela dantza barruan gorderik duena eta ateratzeak lotsa ematen diona. Beraz, jende hori guztia animatuko nuke lotsak alde batera utzi eta barruan duten dantza kanpora ateratzera, gainera Udaberrik berak horretarako aukera paregabea eskaintzen du antolatzen dituen ikastaroen bidez!