Udaberri dantza taldea

Kargatzen...

Itxi

Tolosako Aurreskua

Aurreskua dantza soziala da eta gizarte kohesioaren sinbolo izan da historian zehar, komunitatearen loturak estutuz, nahiz eta komunitate horretatik kanpo dagoena baztertzeko ere balio izan duen.

Aurreskua dantza soziala da eta gizarte kohesioaren sinbolo izan da historian zehar, komunitatearen loturak estutuz, nahiz eta komunitate horretatik kanpo dagoena baztertzeko ere balio izan duen.

Munduan zehar ez ezik, Euskal Herri osoan garrantzi handia izan duen dantza da, eta Tolosan bertan ere izan du, noski. Gaur egun, urtean behin dantzatzen da Tolosan, San Joan jaietan bordon-dantzarien eskutik Zumardi Handian, hain zuzen. Antzina, dibertsiorako erabiliko bazen ere, gaur egun, funtzio protokolarioa betetzen du.

Gipuzkoako eta Bizkaiko gainerako sokadantzetan bezala, Tolosan, sokaren bi muturretan doazen dantzariek dute protagonismoa dantzan eta dantzari horiei aurresku eta atzesku deitzen zaie. Aurreskua dantzaren protagonista nagusia izanik, Tolosan, beste herri askotan bezala, dantzak izen hau hartu du.

HISTORIA

Antzinatik dantzatu izan da aurreskua Zumardi Handian. 1717. urteko sanjoanetan, esaterako, Arrameleko bezperen ondoren, zezen festa izan zen Plaza Berrian, eta ondoren, Igarondoko basora (gaur egun Zumardi Handia dena) joan ziren aurreskua dantzatzera. Zenbait autorek Zumardi Handiak aurreskuarekin eta bordon-dantzarekin duen lotura Beotibarko gudatik datorrela diote, Zumardi Handia Beotibarra bidean Tolosako azken txokoa baita.

Hala ere, gaur egun Beotibarko gudaren teoria baztertua egonik, zumardiaren eta aurreskuaren arteko lotura beste modu batera ulertu behar da. Aipatzekoa da Zumardi Handia dantzaldietarako leku aproposa dela eta badakigu aspaldian erromeriak izaten zirela bertan. Antzina, erromeriak sokadantzaren bueltan antolatzen zirenez, honek azal lezake lotura hau. Bestalde, aipatzekoa da Euskal Herriko txoko ia guztietan bertako agintariek sokadantzan duten presentzia, izan ere, herri gehienetan udaletxearen aurrean dantzatzen da. Bitxia da Tolosako kasua, Zumardi Handian agintarientzat espresuki jarritako eserlekua baitago antzinatik. Hortaz, leku zoragarri hau sokadantzarako egokitutako lekutzat har dezakegu.

GAUR EGUNGO AURRESKUA

Aurreskua dantza bizia da, historian zehar aldaketa asko izan dituena. Ziur asko, gainera, antzina, Tolosan gehiagotan dantzatuko zen urtean zehar ospatzen ziren gainerako ekitaldi, erromeria edo dantzaldietan, eta inprobisazioak ere izango zuen lekurik.

Gaur egun, ordea, lehentxeago aipatu bezala, bordon-dantzariek dantzatzen dute ekainaren 24an San Joan egunez bordon-dantza egin ondoren. Tradizioz gaur egunera arte iritsi zaigun sokadantzaren osaketa jarraian zerrendatzen dena da:

  • Zumardi Handian Tolosa aldetik soka osatzen da eta agintarien eserleku aldera abiatzen da hasierako aurkez aurkeko soinuarekin.
  • Agintarien aurrean aurreskuaren dantza bakarlaria.
  • Aurreskuaren zubia eta segidan atzeskuarena.
  • Aurreskuaren eta atzeskuaren arteko desafioa.
  • Esku aldatzeko soinua.
  • Andreen deieko soinua. Aipatzekoa da 2014az geroztik, bordon-dantzan emakumeak sartzearekin batera, aurreskua ere mistoa dela, hortaz, gaur egun sokara edozein ateratzen da, genero bereizketarik gabe.
  • Bigarren aldiko zubiak, lehenbizi aurreskuak eta segidan atzeskuak.
  • Aurreskuaren eta atzeskuaren arteko bigarren desafioa.
  • San Joan zortzikoa aurreskuak bakarrik sokari helduta, bikoteari eskaintzen diola.
  • Fandangoa eta arin-arina.
  • Biribilketa.

Nahiz eta Bizkaiko elizaurreko aurreskuan mantentzen diren, Gipuzkoako herri gehienetan gertatu bezala, Iztuetak aipatutako hasierako zortziko edo soinu zaharrak ez zaizkigu iritsi. Gainerakoan, Gipuzkoako patroi orokorrak jarraitzen dira dantzen zerrendan nahiz ordenan.

Musikariei dagokienez, XX. mendeaz geroztik behintzat, Tolosako Udal Txistulari Bandaren ardura da aurreskuan musika jartzea. Historikoki, eta gainontzeko soka dantzetan, txistulariek soka jarraituz jotzen badute ere, gaur egun Tolosan, bazter batetik jotzen dituzte melodia guztiak.

Esan bezala, dantza bizia da aurreskua, historian zehar aldaketa ugari jasan dituena eta jasango dituena, etengabe garai berrietara egokituz, beti ere, nondik gatozen eta nora joan nahi dugun ahaztu gabe, kultura herrikoiaren transmisioaz ari garenean.

 

ITURRIAK:
1. Iztueta, Juan Ignacio. Gipuzkoako Dantza Gogoangarriak. d.g.
2. Jimeno Jurío, José María. Tolosa Bordon-dantzaren ikuspegitik. d.g.
3. Sánchez Ekiza, Karlos. «Soka-dantza» Auñamendi Eusko Entziklopedia. d.g. (atzitze-data: 2019.eko 05k).
4. Udaberri Dantza Taldea. «Tolosako Bordon-dantza» 25. Urteurreneko liburuxka, d.g.

Leave a Reply