Udaberri dantza taldea

Kargatzen...

Itxi

Malen Otaegi

Kaixo! Ni Malen Otaegi naiz, 2007an Tolosan jaioa. Udaberrin dantzan ibiltzeaz gain, pianoa ere jotzen dut, eta nire beste zaletasunetako batzuk irakurtzea, lagunekin egotea, bidaiatzea, musika entzutea eta serieak ikustea dira.

Nolakoa izan zen hasiera Udaberrin?

Ez naiz oso ondo gogoratzen, baina esango nuke 7 urterekin hasi nintzela dantzan, eta egia esan ez nuen nik erabaki Udaberriko ikastaroetan izena ematea. Nire gurasoek kirolen bat egitea nahi zuten, eta dantzan izena ematea erabaki zuten. Hasiera batean ez zitzaidan ideia gustatu, eta ez nuen entseguetara joan nahi, baina lagunak egin nituen, eta gero eta gusturago sentitzen nintzen. Inoiz ez nuen pentsatu honaino iritsiko nintzenik, eta eskerrak nire gurasoei kaso egin nien, bestela ez bainintzateke hemen egongo.

Zerk harritu zintuen gehien taldean sartu zinenean?

Taldekideek euren artean duten erlazio onak harritu ninduen gehien, hain talde handia izanda horrelako giro ona egotea zaila iruditzen zitzaidan. Parrandarako duten gaitasuna ere harrigarria da.

Zein dantza duzu gustukoen? Eta zein plaza?

Dantza bat aukeratzea nahiko zaila da, baina nik esango nuke nire gustukoenak Eltziegoko dantzak direla. Nahiz eta nahiko gogorra izan, oso dantza politak dira eta gainera Leidorreko azken bi emanaldietan dantzatu dugu, beraz, oso berezia da niretzat. Plazari dagokionez, Plaza Berria eta Euskal Herri plaza asko gustatzen zaizkit. Plaza Berrian Dantzari Txiki eguneko erromeria antolatzen da eta oso egun berezia eta polita dela iruditzen zait. Eta Euskal Herri plazan Olentzero eta erregeen aurrean egin dugu dantza askotan eta umea nintzenean oso momentu berezia zen. 

Zer ematen dizu Udaberrik? Eta zuk zer eskaintzen diozu?

Udaberrik taldearen barne sentitzeko aukera ematen dit, baita etorkizun batean lagun onak izango diren jendea ezagutzeko ere. Eta nola ez, jende aurrean dantza egiteko eta bidaitzeko. Nik, ordea, ez dut sentitzen Udaberriri ezer ematen diodanik, oraingoz behintzat.

Zein izan zen zure lehen emanaldia? Nola sentitu zinen?

Nire lehen emanaldia Mallorkako bidaian egin genuena izan zen. Ni oraindik errefortzuetako klaseetan nengoen, hau da, oraindik ez nintzen Udaberriko taldekidea, baina udan Mallorkara joateko aukera eman ziguten. Egia esan ez nengoen hain urduri dantzak asko ensaiatu genituelako, baina momentu garrantzitsua zen lehen emanaldia zelako eta gainontzekoek bertan jasoko zutelako lehen inpresioa.

Nola ikusten zenuen taldea lehen, kanpotik, eta nola orain, barrutik?

Ba egia esan ez nuen taldearekiko ideia zehatz bat, ez bainituen taldekide guztiak ezagutzen eta ez nituen ia inoiz denak elkarrekin ikusten. Baina inoiz ez nuen pentsatu horrelako giroa zutenik, serioagoa izango zela pentsatzen nuen. Orain oso talde dibertigarria dela ikusten dut.

Nola ikusten duzu taldearen etorkizuna?

Epe motzean etorkizun ona ikusten diot taldea oso aktibo dagoela iruditzen baitzait, emanaldi eta ekintza askotan parte hartzen du. Taldearen giroa ere ederra da, taldekide kopurua nahiko handia eta adin desberdinetako jende asko dago, gainera. Baina zoritxarrez, ikastaroetan apuntatzen diren haurren kopurua beheraka doa eta gero eta jende gutxiago iristen da handien taldean sartzeko adinera. Hala ere, egoera honi buelta emago diogulakoan nago.